Aldaketaren Teoria

Bilatzen dugun eraldaketa

Gure Aldaketaren Teoriak azaltzen du nola bultzatu eta biderkatu nahi dugun inpaktua zerbitzatzen dugun ekosisteman.

Teoria horren bidez definitzen da gure ekintzak eta ingurunean ikusi nahi ditugun aldaketak lotzen dituen logika. Gure erabakiak gidatzen dituen esparru estrategikoa da, eta, hari esker, ekimenak lehenesten eta indarrak modu koherentean batzen ditugu. Eraldatun, Aldaketaren Teoria ez da teoria hutsa; aitzitik, gure iparrorratza da, eta haren bidez identifikatzen ditugu gaur epe luzera utzi nahi dugun legatua eraikitzeko ekintza zehatzak.

Eraldatu inpaktu soziala bultzatzeko sortu zen, sistema ekonomikoaren zutabe bihurtzeraino, eta, horretarako, orpoz orpo lan egiten du lurralde bakoitzeko eragileekin.

Xede hori lortzeko, profil osagarriak dituzten erakunde- eta pertsona-talde bat dugu, baita kolaboratzaile adituak, harreman-sare mardul bat eta unibertsitatearekin aliantza bat ere. Horrek guztiak zorroztasun akademikoa eta jakintza sortzeko gaitasuna ematen dizkigu.

Gure inpaktu-estrategia bi ildo handitan hedatzen da

Lehendabizikoa kontzientzia piztea da, eta ekosistemako eragile guztiek inpaktua zer den ulertzea du helburu, baita gizarterako zein bakoitzaren jarduerarako zer balio duen aitortzea ere.

Biderkatzea izeneko bigarren ildoak, berriz, urrats bat harago egiten du: eragileak trebatu nahi ditu, “inpaktuaren iraultzan” aktiboki nola lagundu jakin dezaten.

Bi estrategien helburua da inpaktu zehatzak sortzea sei kolektibotan.

Ekintzaileei beren inpaktu-potentzialaz jabetzen laguntzen zaie, negozio-plan jasangarriak neurtzen eta garatzen trebatzen dira, eta horrek berekin ekartzen du epe luzera helburu bat izatearen zentzua eta finantzaketa-bide berriak eskuratzea.

Enpresei aukera ematen zaie beren inpaktu-asmoa zehazteko eta ESGtik harago neurtzeko, eta, denboraren poderioz, talentu gehiago erakartzea, inpaktu positibo handiagoa lortzea eta lurralde-lotura estuagoa sortzea ahalbidetzen da. Finantzatzaileek beren ahalmen biderkatzailea deskubritzen dute, eta ikasi egiten dute beren inbertsioen inpaktua ebaluatzen; horren ondorioz, atea zabaltzen zaie inpaktu-funtsei eta inbertitzeko moduko enpresa gehiago agertzen dira. Hirugarren sektorea inpaktua neurtzen profesionalizatzen da; erresilientzia eta finantza-autonomia ez ezik, talentu kualifikatua erakartzeko gaitasuna ere irabazten du.

Gizarteak eta, bereziki, gazteek beren ingurunean inpaktua duten enpresak ezagutzen dituzte, baita oinarrizko jakintzak eskuratu ere. Horri esker, esparru horretara bideratu dezakete beren karrera profesionala. Azkenik, administrazio publikoa inpaktu-ekonomiaren garrantziaz jabetzen da, eta bere tresnetan inpaktu-irizpideak txertatzen hasten da; hala, fiskalitate espezifiko baterantz eta Europako funtsak hobeto eskuratzerantz egiten du.